XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gorputza gobernatuko balitz nik gogoa egiten dudan bezala, apur bat hobekixeago ibiliko ginateke.

Aro hartan ez nuen bakarrik nahasmenik gabeko gogoa baina oraindik ere askiespen eta bestaz betea, maizenik den bezala, erdiz bere izaeraz eta erdiz bere nahiaz:

Nec vitiant artus oegroe contagia mentis.

Eta banago gogoaren izaera horrek askotan goratu duela gorputza bere erorketarik: hau maiz eroria baita hura, alaia ez, baina bederen lasaia eta geldia delarik.

Laugarreneko sukarra izan nuen lauzpabost hilabetez; gogoa, beti ere, ez bakarrik lasai baina are atseginez bazebilen.

Mina nitaz kanpoan bada, ahuleziak eta ilaundurak ez naute kasik goibeltzen.

Gorputzezko ahulezia askok, bakarrik izendatzearekin ikara ematen dutenek, erabiltzen ohi diren gogoaren mila pasionek eta inarrostek baino beldur gutiago eragiten didate.

Lasterka ez ibiltzea hautatu dut, aski da herrestatzen banaiz; ez naiz ere daukadan beherapen naturalaz kexatzen,

Quis tumidum guttur miratur in Alpibus?

Eta ez naiz dolutzen ere neure iraupena haritz batena bezain luzea eta osoa ez delako.

Ez dut neure irudimenaz kexatzeko motiburik ere: gogoeta guti izan dut bizian zehar loa etendu didanik; nahiarenak salbu, hauek iratzartzen baininduten goibeldurarik eman gabe.

Bakanka egiten dut amets; eta orduan gauza fantastikoak eta kimerak dira gogoeta atsegingarriek eraginak, tristeak baino gehiago irrigarriak.

Eta banago egia dela ametsak gure aiherren itzultzaile leialak direla; baina ametsen sailkatzeko eta aditzeko molde bat behar da.

Res quoe in vita usurpant homines, cogitant, curant, vident, Quoeque agunt vigilantes, agitantque, ea sicut in somno accidunt, Minus mirandum est.

Platonek dio zuhurtziaren egitekoa dela ametsetarik etorkizunerako irakaspen asmatzaileen ondoriatzea.

Baina nik ez dut horretan ezer ikusten, salbu eta Sokratesek, Xenofonek eta Aristotelek, ukaezinezko autoritatezko pertsonaiek, aipatu esperientzia miresgarriak.